XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zesar bezain libre jaioa naiz ni, eta zu ere bai: biok berdin janarituak gara, eta biok gara hura bezain gai neguko hotza jasateko.

Izan ere, behinola egun zakar eta haizetsu batean, Tiber asaldatua bere hegiak joka zebilela, Zesarrek esan zidan: Ausartzen al zara orain, Kasio, korronte haserretu honetara salto egin eta haraino igerian egitera?.

Hitz hauen aurrean, murgildu egin nintzen, arropa eta guzti eta atzetik jarraitzeko esan nion, eta egin ere halaxe egin zuen.

Erreka orroaka eta guk giharre sendoez menpean hartzen genuen, alde batera eraginez eta bihotz burrukalariz aurre eginez.

Baina izendaturiko gunera iritsi baino lehen, Zesarrek oihu egin zuen Lagundu, Kasio, hondora noa!.

Nik Eneasen modura gure arbaso ospetsu hark ere bere sorbalda gainean atera bait zuen Ankises agurea Troiako sugarretatik, hala atera nuen Zesar nekatua Tiberreko uhin artetik: eta gizon hori orain Jainko bihurtu da, eta Kasio gizajo bat besterik ez da eta gorputza makurtu beharra dauka Zesarrek oharkabean burukada bat egiten diolako.

Espainian izan zenean, eta atakeak eman zionean, nola dardar egiten zuen ohartu nintzaion: egia da, jainko hori dardarka ari zen, ezpain koldarrek ihes egin zioten koloreetatik, eta mundu osoa izutzen duten begiratuzko begi horiek galdu egin zuten beren distira: intziri egiten entzun nion nik: bai, eta erromatarrak berarengan begiak ezartzera behartu zituen mihi hori eta liburuetan haren hitzaldiak idaztera, oihuka hasi zen: Ai, emaidazu zerbait edateko Titinio, neskatila gaisoaren pare.

Ene jainkoak, harritzen nau nola hain izakera ahuleko gizon batek izan lezakeen lehentasuna mundu maiestatetsuan eta berak bakarrik palmadarra eraman lezakeen ikusteak.

(Oihuak. Tronpeta-hotsak).

BRUTO - Beste oihu bat egin al dute denek? Txalo horiek, esango nuke, Zesarren gain metatzen ari diren ohore berriak direla.

KASIO - Tira, gizon: urrats luzeka dabil mundu estuan erraldoi baten modura, eta gu, gizon ziztrinok, haren zango handien azpian gabiltza, eta hilobi desohoreturen batzu aurkitzen ote ditugun begira gabiltza.

Gizonak beren etorkizunaren jabe dira une batzutan.

Errua, Bruto maitea, ez dago gure izarretan, gugan baizik, esklabuak baino ez garenongan.

Bruto eta Zesar: zer egon behar ote luke Zesar honengan?

Zergatik izan behar izen horrek zureak baino hots handiagoa?

Batera idatz itzazu: zurea horrena bezain ona da: entzuneraz itzazu, ahoari berdinak gertatzen zaizkio: pisa itzazu, eta pisu berekoak dira: araoak egin itzazu beraiekin, eta Brutok Zesarrek bezain laster erakarriko du espiritua.

Orain, jainko guztien izenean, zer janariz elikatu da gure Zesar hau hain handi bihurtzeko?

Oi gure garaia, lotsaturik zaude.

Erroma, galdua duzu odol leinargien gizabidea.

Noiz izan da garairik, Uholde handiaz geroztik, gizon bakarrarengatik ospea izan duenik?

Noiz (orain arte) esan ahal izan dute Erromaz ari zirenek gizon bakarra zegoela harresi zabal horien barruan?

Oraintxe bai ez duela Erromak erramurik merezi, gizon bakar bat besterik ez badauka bere barruan.

Ah, guk biok entzuna dugu geure gurasoengandik behinola izan zela Bruto bat lehenago jasango zukeena betiko Deabruak Erroman bere gortea izatea Errege batek baino.

BRUTO - Ez dut errezelurik ongi nahi bait didazu: baina zertara eragiten nauzun, horrek ematen dit susmorik: gero kontatuko dut nola pentsatu dudan horretan eta garaiotan.

Oraingoz, ez dut nahi inork gehiago estutzerik, baldin erregu egin baniezazu onginahiz: gogoan hartuko dut esan didazuna: egonarriz entzungo dizut esan nahi didazuna, eta gauza hain larriei dagokienez entzuteko eta erantzuteko abagadunea aurkituko dut.

Ordura arte, ene adiskide prestua, hausnartu hau: Brutok nahiago luke baserritar izan Erromaren semetzat bere burua eduki baino, garai honek itxuraz ezarri nahi dizkigun baldintza gogorren azpian bizi baino.

KASIO - Pozten naiz nire hitz ahulek gutxienez su-itxura hau sorterazi izana Brutorengan.

(ZESAR sartzen da bere segizioarekin).

BRUTO - Jokoak amaitu dira eta Zesar badator berriz ere.